Hasiera

Albisteak
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Eustatek antolatutako udako ikastaroaren gaia hazkunde ekonomikoaren eta bizi baldintzen hobekuntzaren arteko harremana izango da
 

Eustatek antolatutako ikastaroaren helburu nagusia hauxe da: hiritarren bizi kalitatearen eta baldintzen bilakaeraren azterketa xehe bat egitea, azken 15 urteetako hazkunde ekonomikoaren testuinguruan, bai Europa mailan, bai Euskal AEn. Jorratuko den beste alderdi bat gizarteratzearen arloaren gaurko egoeraren, ezaugarrien eta ezarritako politiken azterketa da, aipatu aldi berean.


Gertakizun hau aztertzeko, Eustatek "Hazkunde ekonomikoa, bizi baldintzen eta gizarte inklusioaren hobekuntza?" ikastaroa antolatu du, zeina gaurtik, ekainaren 30.etik, uztailaren 2.era bitartean izango baita Donostiako Miramar jauregian, EHUKo udako ikastaroen barruan.


Ikastaroaren edukia hiru egunetan eratu da: Lehenengoan gaiaren ikuspegi orokorra, bai Europan, bai Euskal AEn; bigarrenean gizarte inklusioaren bilakaera, estatistika analisiaren, ezarritako politiken eta beren ebaluazioaren bidez. Eta hirugarren egunean Euskal AEko bizi baldintzen gaineko azken azterketetan sakonduko da.


Aditu ezagunek emango dute ikastaroa Karel Van den Bosch, Belgikako Antwerp-eko unibertsitatekoa, lehenengo egunean hazkunde ekonomikoaz ariko da eta Europako bizi baldintzen eta ezberdintasun egoeren gainean. Deustuko unibertsitateko Jon Leonardo gai berberaz ariko da, Euskal AEko esparruan.


Joseba Azkarraga, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako kontseilaria ezarritako politikez eta beren emaitzez ariko da bigarren egunean, Euskal AEko testuinguru ekonomikoan, gizarte inklusioaz, azken 15 urteetan. Ondoren, Luis Sanzo, Lanekoa ere, gizarte inklusioaz eta enpleguaren hazkundeaz ariko da. Pablo Angulo, Berrikuntzako Euskal Agentziakoa, gizarte inklusioaren egoeraz eta etorkizuneko perspektibez ariko da.


Azken eguneko hitzaldiak Deustuko unibertsitateko ikertzaile ezagunek emango dituzte. Jon Leonardo eta Arantza Rodriguez bizi baldintzen eta beren kalitateaz ariko dira, inguru fisiko eta soziala asetasun-iturri ikuspegitik; Begoña Matellanes eta Ana Goytia familiaz eta gizarte harremanez, aisiaz eta denbora libreaz; Emma Sobremonte eta Josu Solabarrieta osasunaz eta baliabide sanitarioez, baita ere hezkuntzaz, enpleguaz eta lan-baldintzez.


Hazkunde ekonomikoa, hiritarren bizi baldintzen hobekuntza eta gizarte kohesioa areagotzea aurreratutzat dauzkagun gizarteetako estrategia politikoen funtsezko alderdiak dira.


 

EUSTATeko prentsa oharra, 2008ko ekainaren 30a

Azken eguneratzea: 2008/07/04